Errezebitu hilabetero inspirazio, edertasun eta aurkikuntza dosi bat.
Hurrengo erakusketa
Bihotza pilpirarazten duten irudiak
| Datak |
|---|
Eta artearen historia emozioen bidez kontatuko balitz?
Bonnat-Helleu museoan, mendeak ez dira daten ordenaren arabera zeharkatzen. Galdera handien bidez zeharkatzen dira, artistek betidanik beren buruari egin dizkioten galderen bidez: nola irudikatu gorputz bat? Nola eraiki erretratu bat? Nola erakutsi boterea, sakratua edo intimoa?
Argazkigintzaren bigarren mendeurrena dela eta, museoak argazki zaharrak eta garaikideak gonbidatu ditu ibilbide horretan barneratzera. Ibilbidea nahastera, iratzartzera, eta batzuetan, hunkitzera datoz. Helburua ez da argazkigintzaren historia kontatzea, baizik eta margotutako, zizelkatutako edo argazkietan hartutako irudieri mende batetik bestera elkarri erantzuten uztea, eta zuengan zirrara bera sortzea.
Bi bildumen arteko topaketa
Erretratuak, irudi sakratuak, gorputzak, paisaiak, boterearen edo intimitatearen irudikapenak: museoko artelanek Charlie Baum eta Isabelle Darrigrand Miarritzeko bildumagileen bildumako argazkiekin hitz egiten dute, haiek diseinatu baitute erakusketa hau museoarekin batera.
Bildumen arteko topaketa honek ustekabeko kidetasunak azaleratzen ditu: Christer Strömholm-en erretratuek Goyak edo Riberak margotutako aurpegiei erantzuten diete; Shadi Ghadirian-en argazkiek, hainbat mendetako distantziatik, Rubensen feminitatea irudikatzeko kodeak zalantzan jartzen dituzte; Denis Darzacq-en gorputz esekiek gorputzen galeriako mugimenduari buruzko ikerketak luzatzen dituzte, eta Cristina García Roderoren irudiak, berriz, sakratuari eskainitako aretoan aurkitzen du oihartzuna.
Bilduma iraunkorra mugimenduan
Bonnat-Helleu museoan, bildumak ez daude behin betiko kontakizun batean izoztuta: batzen zaizkien artelanen eta zeharkatzen dituzten begiraden arabera eraldatzen dira. Erakusketa berritu hau ez da bilduma bat beste batekin elkartzea soilik; bildumatzeko modu batek beste bat aitortzea da. Topaketa honek gogorarazten digu museoa ez dela leku estatiko bat. Espazio bizia da, eta bertan artelanek esanahia aldatzen dute hurbiltzen diren begiraden arabera.
Erakusketa honek ez du proposatzen argazkigintza museoari gehitzea. Bildumei beste era batera begiratzea proposatzen du, eta ibilbide iraunkorra eraldatzen du. Argazkien aurrean jarrita, antzinako artelanak garaikide bihurtzen dira bat-batean. Irudiek hainbat mende dituzten beste irudi batzuekin dituzten loturak agerian uzten dituzte. Haien artean konstelazio bat marrazten da, non datak ezabatzen diren formen, keinuen eta emozioen mesedetan. Bi bildumen arteko elkarrizketa bat baino gehiago, irudien historia bera da ikusgai jartzen dena.
Oliver Culmann-en ikusleek oihartzuna aurkitzen dute XIX. mendeko horma handian; Pascal Convert eta Alexandra Catiereren argazkiek Léon Bonnat edo Paul Helleurekin partekatzen dute ehunak gorputzen eta denboraren memoria gisa duen iradokitzeko indarra; Mounir Fatmi, Georges Mérillon edo Olivia Gayren lanek, berriz, boterearen, identitatearen edo sakratuaren irudikapena zalantzan jartzen dute.
Marrazkien erakusketa berri bat
Jokoak alderantziz ere funtzionatzen du. Arte grafikoen kabineteetan, oraingoan argazkigintza abiatu da lehenik: irudi baten aurrean, museoak bere erreserbetan bilatu du hari erantzuten dion marrazkia, haren keinua, jarrera edo argia jasotzen duen orria. Hala, Pascal Convertek eta Parmigianinok elkarri erantzuten diote, Lorenzo Castorek eta Delacroixek bezala. Begirada etengabe dabil euskarri batetik bestera. Dimakatso Mathoparen zianotipioak Ingres-ek Rothschild baronesaren erretraturako egindako estudio bati egiten dio erreferentzia, eta jada ez dakigu oso ondo zeinek argitzen duen bestea. Joan-etorri hori erakusketaren muinean dago: batzuetan argazkiak artelan zahar bat iratzartzen du, eta beste batzuetan marrazkiak agerian uzten du argazkigintzak bere aurrekoei zor diena, «lehen» eta «gero» denaren arteko muga lausotzeraino. Bisitaria mugimendu horretan sartzera gonbidatuta dago, horma batetik bestera eta aretotik kabinetera igarotzera, eta arkatz-marra batetik nahiz obturadore-kliskada batetik emozio bera sor daitekeela egiaztatzera.
Aurkeztutako argazkilariak
Jean-Christian Bourcart · Alexandra Catiere · Lorenzo Castore · Pascal Convert · Léa Crespi · Olivier Culmann · Antoine D’Agata · Denis Darzacq · Frédéric Delpech · Mounir Fatmi · Olivia Gay · Cristina García Rodero · Shadi Ghadirian · JH Engström · Laurence Leblanc · Dimakatso Mathopa · Georges Mérillon · Nicholas Nixon · Mathieu Pernot · Christer Strömholm · Antanas Sutkus · André Steiner · SMITH · Newsha Tavakolian · Vasantha Yogananthan
Arte grafikoen kabineteetako artistak
Nicolas Poussin · Jean-Baptiste Greuze · Eugène Delacroix · Jean-Auguste-Dominique Ingres · Bartolomeo Passarotti · Léonard Sarluis · Henri Lehmann · Parmigianino (Le Parmesan) · Pierre I.a Dumonstier · Nicolas Lancret · Henry Monnier · Léon Cogniet · Achille Zo
Argazkigintzaren 200 urteak: ospatu ditzagun begiradak
Argazkigintzak 200 urte betetzen ditu. Hori dela eta, Kultura Ministerioak ospakizun handi bat abiarazi du, 2026ko irailaren 1etik 2027ko irailaren 30era, 1.000 proiektu baino gehiagoren bidez Frantzia kontinentalean eta itsasoz haraindiko lurraldeetan, baita 40 herrialdetan ere. Programazio aberats honek erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, artista-egonaldiak edo proiektu parte-hartzaileak biltzen ditu, besteak beste.
Argazkigintzaren Bigarren Mendeurrenak publiko guztiak gonbidatzen ditu argazkigintza bere alderdi guztietan (berr)ezagutzera, zalantzan jartzera eta ospatzera. Gure historia komuna berregiteko, errealitateari buruzko gure begirada berrasmatzeko, mugimenduan dagoen diziplina baten berrikuntzak esploratzeko edo mundu ikusezinak agerian uzteko izan, proiektu bakoitzak kontakizun kolektibo eta handinahi horretan parte hartzen du. Antzinako nahiz gaur egungo sorkuntza, argazki-edizioa eta argazkigintzako lanbide desberdinak omentzen dira.
Programazioa deskubritu eta informazio gehigarriak aurkitu Argazkigintzaren Bigarren Mendeurrenaren weborrian.