Errezebitu hilabetero inspirazio, edertasun eta aurkikuntza dosi bat.
Museoaren historia
Museoaren historia gurekin berriz bizi ezazue
- Museoaren sortzearen aitzinekoa da lehen udal bilduma. 1830 hamarkadatik aitzina osatua da, Hiriak, eskualdeko artista gazteei erosi obrekin – zeinetatik Léon Bonnat eta Achille Zo – eta Estatuak igorritakoekin. Tokiko artisten obrez osatu funts hau da udal bildumako bihotzean. Hiriak horrela agerian ezartzen du sorkuntza sostengatzeko nahikeria, 1871n irekitzen duen herriko marrazki eta margolaritza eskola berriarekin loturan.
- 1873an, Herriko Etxeko saloiek leku ttipiegia eskaintzen zielako bildumei, lekuz aldatuak dira hauek antzokiko foyer-ean, “margolaritza museoa” izenpean bilduak izateko. 1882an, Baionako herriko kontseiluko zati batek esparru horiek antzokiko publikoari itzultzeko asmoa agertzen du eta bildumak, hiriko merkatu estali ohira lekuratua izatea eskatzen du. 1889an, liburutegiko eta natura historiako bildumetan gertatu sutearen ondorioz, proiektua aitzinatua da, eta arkitektura programa 1891n onartua da, lehiaketa abiatu aitzin.
- Kari horretara, Jules Labat auzapezaren laguntzari esker, Madril-era eta, ondotik, Parisera Arte Ederrak ikastera joateko herriko beka eskuratu zuen Léon Bonnat (1833-1922) baionar margolariak, jakinarazten du bere sorterriari, osatu duen bilduma erraldoia eskaini gogo diola.
- Jacques Laffitte eta Frédéric Bastiat karriken juntan kokatua izanen da, hiri barnean, Léon Bonnat-ek burutu Andre Mariaren Jasokundea obra dagoen San Andres elizatik hurbil. 1896an, Léo Pouzac auzapezak pausatzen du museoaren lehen harria eta kareharrizko estilo klasikoko eraikina, hemezortzi hilabete berantago bukatua da. 1901ean estreinaturik, heziketa zeregina ematen zaio: artxibategia, liburutegia, margolaritza museoa eta natura historiako museoa da aldi berean. Museoa irekitzen delarik, artista eta bildumagilea bera etortzen da bere bilduma plantatzera, eta testamentua idazten du bere obra kasik guziak Museo nazionalei legatzen diela adierazteko, Baionan ezarriak izateko obligazioarekin. Xedapen honek berehala lotzen ditu Louvre museoa eta Baionako Arte Ederretako museoa patu komunitate berdinean, XX. mendearen hastapenean berean trukatze garrantzitsuak eragiteko bi instituzioen artean.
- 1922an, museoa berrantolatua da bilduma handitzen baita Léon Bonnat zendu eta, Parisko Bassano karrikako jauretxean gelditu diren obrak etortzen direlarik. Arte objektu eta aitzinaroko obrez gain, eskultura kopuru handiaz aberasten da, zeinetatik Bayre-ren brontze sail bat eta Henri Chapu-ren obrak, bai eta europar eskola nagusiak ordezkatzen dituzten 374 margolan eta kalitate biziki handiko 1 800 marrazki baino gehiago.
- Léon Bonnat-en eskuzabaltasunak, beste artista eta zale batzuk bultzatzen ditu Euskal Herriko arte museo handiena bilakatzen denaren bildumak elikatzera: 1921ean, Rubens-en zirriborroak sarrarazten ditu Derrecagaix legatuak, 1936an, inpresionistak eta nabiak ordezkatuak direlarik Antonin Personnaz-en legatuari esker.
- Okupazio garaian, soldaduak « libertitzeko » irekia da museoa eta margolaritza bildumako obrek apaintzen dituzte Kommandantur-eko bulegoak. Gerlaren bukaeran, errazionamendu zerbitzua aterpetzeko legez hartua da eraikina.
- 1975etik 1979ra, berritze proiektu handi bat abian ezarria da obren aurkezpena modernizatzeko. Udal liburutegia lekuz aldatu izan eta, eraikin historiko osoa museoari eskainia zaio.
- 1991n, Carré Bonnat, museoari lotu arte garaikiderako eremua irekiz, museoa bera aro berrian sartzen da.
- 1992an, Peyrehoradekoa zen Jacques Petithory, Parisen kokaktu arte saltzailearen legatuak funtsa azkarki aberasten du, 186 italiar eta frantses marrazkirekin, besteak beste, bai eta margolan manierista bakanekin.
- Picasso-ren “Toros y toreros” bezalako erakusketa handiak edo Jorge Semprun-ek burutu bildumen zintzilikatzeek mugarriak ezartzen dituzte. Museoa publiko guziei irekitzeko hainbat ekimen burutu dituzte museoko langileek.
- Paulette Howard-Johnston, Paul Helleu margolariaren alabak egin emaitzari esker, artistaren erreferentziazko lekua bilakarazten du museoa 1988tik aitzina. Paul Helleu-ren obra aterpetuko du museoak emaitza honi esker, bai eta, 1994 eta 2002 artean, multzo hau osotuko duten Éliane Orosdi et Ghislaine de Kermaingant, Paulette Howard-Johnston-en emaitzei esker ere. 2009an, Paulette Howard-Johnston zenduko delarik, haren bildumaren ondorio gisa izendatzen du Bonnat museoa, bere testamenduaren bidez; 300 pieza berri baino gehiago sartzen dira orduan museoko bildumetan.
- 2011n, ateak hesten ditu museoak berritua izateko, Helleu familiak egin azken legatu horren ondorioz, Bonnat-Helleu bilakatzen delarik museoa.
- Arkiektura proiektu handinahia abiatzen da orduan, bildumen kontserbazio eta balioan jartze erronka bikoitzari erantzuteko gisan. Bildumak zaharberritzeko maila handiko obralekua, abiatua da orduan: 1300 obra zaharberrituak dira eraikineko esparruak osoki berrasmatuak direlarik, museoa XXI. Mendean sarrarazteko gisan. Ondoko eskola lotua zaio eraikin historikoari erakusketa eremuak bikoizteko eta gaur egungo arauak errespetatzen dituzten erreserbak sortzeko.
- Bonnat-Helleu museoa berriz irekitzeko asmoz, Baionako Hiriak eta Louvre museoak partaidetza handinahia izenpetzen dute museoko bilduma guziak publiko guziei irekitzeko, frantses lurraldean Louvre-ren gordailu hanidena ere baita museo hau. Partaidetza hitzarmen honek lankidetza emankor baten bidea irekitzen die bi museoei.
- 2025eko azaroaren 27an irekiko dizkio ateak publikoari Bonnat-Helleu museoak.